Webs que seguir

lunes, 3 de septiembre de 2012

Lokailu Hautariak



Lokailu hautakariak testuan adierazitako gauza edo ideien arteko aukeraketa edo hautaketa adierazteko erabiltzen dira

Beste hainbat aditzondo bezala, esapide-lokailu ere izan daiteke bestela. Kasu hauetan, perpauseko beste osagaietatik aparte doa eta horietik eten batek, idatzian komak, bereizten du.  Bertzenaz lapurteraz erabiltzen den lokailu lexikalizatua da.

Lokailuok balio bikoitza dute:

Nola edo halako baldintza bat edo dagoela ezkutuan adierazten dute.
Eser zaitez! Bestela, belarrondoko bat emango dizut.

Balio murriztailea: baldintzazko perpausaren kutsua erabat galdu ez arren, gainontzean, delakoa alde batera utzita eta antzeko esapideen baliokide bihur daiteke.

Gorabehera ttiki batzuk izan genituen. Bestela, nik uste baino hobeto ibili ginen. 

Lokailu honen lekuari dagokionez, hasieran, amaieran nahiz tartean (baldin eta aditzaren edo galdegaiaren ondoan jartzen ez bada) koka daiteke.

Lokailu hau bestela-ren parekoa dugu.
Mugitu behar dugu, osterantzean, trena ere galdu egingo dugu. 

Ebakuntza eta gero gorriak ikusi nituen. Osterantzean, sendagileek uste zuten baino lehenago bizkortu naiz.

  GAINERONTZEAN


Osterantzean eta bestela lokailuen pare-parekoa dugu. Aipatu bi balioak bere ditu lokailu honek ere: baldintzari dagokiona eta murriztailea.

Gainerakoan, gaineratikoan eta gainerakoz lokailuck, berriz, balio murriztailea baizik ez dute erakusten. Kokaguneari dagokionez, hasieran jartzeko joera nabarmena da.

Ez nahas, haatik, Gainera eta Gainerontzean.
Bilbo hiri zikina da. Gainera, oso zaratatsua.
Oker: Bilbo hiri zikina da. Gainerontzean, oso zaratatsua.
Oker: Bilbo hiri zikina da. Gainera, oso atsegina.
   Oker: Bilbo hiri zikina da. Gainerontzean, oso atsegina.

Aurkaritzako Lokailuak



Aurkaritzako lokailuek lehenago esandakoaren kontrako zerbait adierazten dute. Honako hauek dira aipagarrienak: Aurkaritza adierazten duten esapideak

   ORDEA


Baina juntagailuaren baliokide hurbila, ordea edo ordean (lapurteraz) lokailuak bi perpausen arteko aurkaritza aditzera ematen du, biak elkarren kontrakotzat aurkeztuz.

Kokagunea dela eta, ordea-k normalean bigarren perpausaren harnean hartzen du toki. Baina, lokailu honek nonnahi kokatzeko duen askatasuna ageri-agerikoa da. Adibidez:

Kotxe gorria nahi zuela eta, gorria erosi behar derrigorrez.
Nik, ordea, nahiago nuen beltza.
(...). Nik nahiago nuen, ordea, beltza.
(...). Nik nahiago nuen gorria, ordea.

Zenbait idazlek esaldiaren aurrean ipintzeko joera dute. Adibidez:
«Ordea, artean jaioberria izan, eta ezinezkoa egin zitzaidan maldizio zatar bat aurkitzea.» (B. Atxaga, «Behi euskaldun baten memoriak», 40).

  BERRIZ


Berriz eta ordea, biak aurkaritza adierazteko lokailuak ditugu. Beraz, ostera, aldiz eta aitzitik-en pareko dira. Baina ba omen da ordea eta berriz-en artean alderik:

Ordea-k nonbait aurreko perpausak baieztatua etabatu edo ukatu egiten du. 
Zuzenketa bat izango litzateke, beharbada.

Berriz, aldiz, aurreko perpausean aipatutakoari zerozer berri eransteko erabiltzen omen da. Adibidez:

Gu mendira joan gara.
Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, ordea, ezer esan.
*Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, berriz, ezer esan. (EGLU-III, 99).

Berriz lokailua, bigarren perpausean tartekatzen da. Dena den, lokailu honek galdegai den sintagmaren eta aditzaren artean ez du joaterik. Adibidez:

Liburu honek azala gorria du. Beste honek beltza, berriz, du.

Berriz-ek badu, nolanahi ere, emendiozko kutsurik. Hortaz, ez da harritzekoa eta juntagailuarekin eta gainera edo bestaldetik lokailuekin batera agertzea. Adibidez:

Gu pobre eta hi, berriz, beti aberats.

    OSTERA


Aurkaritzako lokailu hau berriz, aldiz eta antzekoen baliokide da. Horiek hezala, aurreko perpausean esandakoari kontrajarriz, perpausaren barnean kokatuko da. Mintzagai izan daitekeen osagai baten ondoan, hain zuzen. Adibidez:

Gu pobre eta hi, ostera, beti aberats.

Harridurari indarra emateko inoiz ostera erabili izan da, perpausaren amaieran. Adibidez:

Bere ustez eta hobe beharrez, landare aldatu berriak kimatzen hasi zen. Hau bakarrik balitz ostera!

   ALDIZ


Ostera mendebaldeko euskalkietakoa, bizkaierakoa bereziki, den bezalaxe, aldiz, berriz, ekialdeko euskalkietakoa dugu batipat. Aurkaritza sailekoa izaki, kontrastea adierazten du aldiz lokailuak. Kokaguneari dagokionez, aurretik aipatutakoen antzera, bigarren perpausaren osagai baten ondoan tartekatzen da. Adibidez:

Errepideetan bada makina bat auto-istripu. Bigarren mailakoetan, aldiz, hainbestean.

Perpausaren hasieran ere ageri da inoiz.Adibidez:

Gu beti lanpeturik, burua jaso ezinik. Aldiz, zuek denbora zertan eman asmatu gabe.

   AITZITIK


Esan denaren kontrakoa adierazteko erabiltzen da. Baina beste aurkaritza-lokailuek ez bezala, badu bestelako erabilerarik: lehendabiziko perpausa, ezezka joan eta aitzitik bigarren perpausaren hasieran kokatuz gero, kontrakotasuna markatu egingo du eta batzuetan Baizik (eta) juntagailuaren pareko bihurtuko. Adibidez:

Zaharra zuhurra da; gaztea, aitzitik, kaskarina.
Ez egin okerrik; aitzitik, bete ezazu esana.

Perpausaren barruan tartekaturik doanean, baina, berriz edo kideko hitzen baten ondoan ere ager daiteke. Adibidez:

Ez zela espero zuen bezain ederra, baina, aitzitik, nekez ikus daitekeela itsusiagorik (HLEH, 77).

   ALTA


Ekialdeko euskalkietan erabiltzen den lokailu honek balio bikotza erakusten du:
Aurkaritzakoa: gehienetan aurkaritza adierazten du. Harridura perpausetan ere erabiltzen da maiz alta lokailua indar berezia emanez. Sarritan bada-ren laguntza izaten du, esangura aldatu gabe. Adibidez:

Beste solasik nuen alta egungotzat gogoan.
Jatekorik ez dugu; alta bada gose gaituzu. (HLEH, 92).

Esplikatiboa: balio esplikatiboa hartzen duenean, izan ere, bada eta antzekoen pareko bihurtzen da.

 ALABAINA


Alta-k bezalaxe lokailu honek balio bikotza du.

Aurkaritza-adierazle bezala. Adibidez:

Nik lagunduko dizut. Badituzu, alabaina, ni baino iaioagoak diru-kontutan.

Perpausaren hasieran kokatzen da maizenik alabaina. Tartean ere, tarteka. Halere-ren inguru beretsuetan.

Lapurteraz eta behenafarreraz balio esplikatiboaz erabiltzen da. Adibidez:

Garaia etorritakoan etxeko gozora itzuli zen. Hura sorlekua zuen, alabaina.

 DENA DELA, DENA DEN


Dena dela euskararen eremu osoan erabiltzen da eta dena den ekialdeko euskalkietan baizik ez. Lokailu hauen jatorria nahikoa garbi dagoela dirudi eta datorrena datorren, datorrena datorrela, dakiena dakien, dakiena dakiela eta abarren parekoak direla ere begibistakoa da.

Hala ere, dena den eta dena dela lokailu bihurtu dira eta aurkaritza-lokailu gainera (zenbaitetan kontzesio-kutsurik ere atzematen zaio).

Lokailu hauek bigarren perpausaren hasieran erabiltzen dira maizenik, nahiz eta ez izan debekurik tartean nahiz bukaeran joateko. Adibidez:

Haurrak aitortu beharreko guztiak aitortu zituen. Dena dela, gurasoak ez ziren lasai geratu.

Baina juntagailuarekin batera joateko eragozpenik ez du. Baina eta nahiz edo-rekin azalduz gero, ez da perpausen arteko kontrasterik zuzenean gertatzen, emendioa edo hautaritza baizik, dena dela-k kontzesio kutsua eransten duelarik. Adibidez:

Ez dut idazteko gogorik eta gainera, dena dela (gogorik izanda ere), ezin publika nezake aldizkari horretan.

Hizkuntzak ez daude horren eri edo, dena dela (horrela izanda ere), ez dira irlandarrarenak euskarara hedatu behar.


 HALA ERE, HALA ETA GUZTIZ ERE


Hona hemen aurkaritza-kutsuko lokailu hauen zenbait aldakin: Euskararen eremu osoan hala ere eta halere multzoa da hedatuena.

Halarik (ere) multzokoak iparraldeko tradizioari eta beste euskalkietako erabilera jasoari dagozkio.

Hala (eta) (guzti(z)) (ere) multzokoak, berriz, bizkaierazko tradizioari dagozkio batipat.

Halaz (guzti(a)z) (ere) multzokoak gipuzkerazko tradiziokoak dira gehienbat.

Bestelakoak: halarik, halaz guzi arren ere...

Noiz zetorren bagenekien, halere ez ginen ongietorria ematera joan.

Eta juntagailuarekin batera.

Indar guztiak eskuetan izaki, eta halere jendearen beldur.

Baina juntagailuarekin.

Ahaleginak egin zituen, baina, hala eta guztiz ere, ezin makurtu.

Ez, ezin, eskerrak eta horrelakoekin. Adibidez:
Haurra goiz etorri zen. Ez, halare, amak nahi bezain goiz.

Eskerrak, halare garaiz ohartu ziren.

Banketxeak zorrak ordaintzeko esan dio. Ezin, halare, daukan hutsa baino gehiago itzuli.

Halare eta halarik ere lokailuak menpeko perpaus kontzesiboaren ondoren datorren perpaus nagusian txertatuz gero, horri indar gehiago ematen diote. Adibidez:

Nahiz artean zahartuta zegoen, halarik ere, jarriki zitzaion lasterka.

Kontzesio-kutsua emanez. Adibidez:

Aitak semeari dirua ematen dio. Ez askotan, halare.

Harridura kutsua indartuz, eskerrak-en pareko. Adibidez:

Halere! Behingoz garaiz etxeratu zara.

Gainera eta behintzat-en kide. Ikus sail horretako adibideak.

  HAATIK / HARGATIK, HORRATIK / HORREGATIK

 

Hargatik eta horregatik.


Kasu motibatiboari dagozkion balioak dituzte berez, baina aurkaritza-lokailu ere izan daitezke. Adibidez:

Ez da hemen jaioa; badu hargatik zer ikusi berezirik auzokoekin.

Baina juntagailuarekin batera (ordea eta ere-ren laguntza ere hartzen dute sarritan). Adibidez:

Gobernuak utzia du politika hori; baina politika horren ondareak ez dira horregatik ahitu. (HLEH: 521).

Horregatik-ek badu bestelako esanahirik: esan den zerbait biribiltzeko esapide gisa erabiltzen denean. Adibidez:

Galdera xelebreak egiten dizkidazu horregatik. Gogorra zara horregatik.

Azkenik esan behar lokailu hauek ez direla berdin erabiltzen euskalki guztietan:
hargatik ekialdeko euskalkietan izan daiteke lokailu eta horregatik, berriz, mendebaldekoetan. Horregatik-en bizkaierazko aldakina horrega(i)ti(n)o da.

 

Haatik eta horratik.


Bi hauek hargatik eta horregatik ez bezala lokailu dira beti. Adibidez:

Abiatu baino lehen, horratik, gaiari zuzen-zuzen dagokion oharren bat edo beste egin heharrean naiz.

Zalapartaka azaldu dira sindikatukoak; ez dira, haatik, lotsagabekeriatan hasi.

Kokaguneari dagokionez, bigarren perpausaren hasieran bezala barruan ere joan daitezke. Bukaeran, ordea, nekezago.

   BARREN


Ba(da) arren esapidearen laburdura hau zenbaitetan aurkaritza-lokailutzat har daiteke. Adibidez:

lsil zaitez, mesedez! / Isilik nago, harren!

Bigarren perpausaren amaiera du beti kokagune. Perpausaren azken muturrean joan ohi den baina juntagailuaren ordezkoa dela dirudi. Adibidez:

Isil zaitez, mesedez! / Isilik nago, baina!

 

 AURKARITZA ADIERAZTEN DUTEN ESAPIDEAK


Hona hemen aurkaritza adierazteko erabil daitezkeen zenbait lokuzio edo esapide. Adibidez:

Zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan ere, edozein modutan ere, edozein moduz ere, guztiarekin ere...

Katea mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira sarritan, lokailuen antzera.

Enmediozko Lokailuak



  ERE (*)

 Emendiozko lokailuek informazioa gainaratzen dute diskurtsoan. Honako hauek dira aipagarrienak:

1. X ere (X hori edozein osagarri izan daitekeelarik, aditza ere barne).
    Gu ere bagoaz. / Ikusi ere, ikusia dugu.
2. ... eta X ere (bai).
    Josu gaur joango omen da eta Leire ere (bai).
3. ... eta X ere (ez).
    Josu ez da joango gaur eta Leire ere ez.
4. ... eta bai X ere.
    Josu gaur joango omen da eta bai Leire ere.
5. ... eta ez X ere.
    Josu ez da joango gaur eta ez Leire ere.
6. ..., bai eta X ere.
    Mikel atzo etorri zen, bai eta Itziar ere.
7. ..., ez eta X ere.
    Mikel ez zen etorri atzo, ez eta Itziar ere.
8. ..., baita X ere.
    Egunon!
    Baita zuri ere.
9. ..., ezta X ere.
    Ezta ametsetan ere.
(Honainoko eskema honi euskaldun guztiek segitzen diotela esan daiteke).
10. ..., eta bai ere X (ekialdean).
    Josu gaur joango da, eta baita ere Leire.
11. ..., eta ez ere X (ekialdean).
    Josu ez da joango gaur, eta ez ere Leire.
12. ...baita ere X (mendebaldean).
    Josu gaur joango da, baita ere Leire.
13. ...ezta ere X (mendebaldean).
    Josu ez da joango gaur, ezta ere Leire.

Erabilera okerrak:
    14. ...*X baita ere.
    15. ...*X ezta ere.
    16. *ere X.
    17. *eta ere X
        Desertuak, mendiak, ohianak eta ere lurrak.
        *Nor geldituko da hemen afaltzen? Jon. Eta ere ni.
    18. *X ere baita.
    19. *X ere ezta.
    20. *ere bai X.
    21. *ere ez X.

«Lokailu honek ezin dio inola ere hasierarik eman perpausari, izen sintagma, aditz edo adizlagunen baten laguntzan erabiltzen dugulako, beti zerbaiten ondoan eta ondoren. Zoritxarrez, egun hedatzen ari diren eta hain sarriegi entzuten diren perpaus hasierako *Ere bai..., *Be bai..., *Eta ere bai...bezalako esaldiak guztiz arrotzak ditugu euskaraz, euskara ezagutzen dugun neurrian behintzat.»

 GAINERA


Gainera lokailua dagokion perpausak aditzera ematen duena aurreko perpausean emandako informazioari gaineratzen zaionean erabiliko dugu. Aurretik esandakoaren ondoan, hiztunak aipatutakoaren bermagarri edo indargarri erabiltzen dugu, balio argumentatiboa baitu. Adibidez:

Ez dut etxetik irteteko gogorik. Gainera euria ari du.

Perpausaren hasieran, azkenean nahiz barnean aurki dezakegu lokailu hau. Adibidez:
Ez zion erantzun zuzenik eman. Arrotu egin zen gainera. Galduta dabil mutila. Ez daki gizajoak, gainera, nora jo.

Eta gainera, baina gainera eta ere gainera ere aurkitu ahal dira. Adibidez: 

Kantuan aritu ginen. Gustura aritu ere gainera.
Jale txarra zen haurra eta gainera egoskorra.

Horrela segiz gero, itsusitu egingo zara. Baina, gainera, soineko hori jazten baduzu, ileapaindegira joatea alferrik izango da.

Harridura kutsua ere adieraz dezake hala ere-ren antzera. Adibidez:
Hartuko gaituzu? Bai eta pozik gainera.

  BESTALDE / BERTZALDE


 Lokailu honen funtzioa ere gehitzearena da. Ekintza bati beste bat gehitzen zaiola adierazteko erabiltzen da, alegia. Adibidez:

Diru gutxi dugu. Gastu asko, bestalde. Beraz, datorren hilabeterarte jai dugu

Kontura zaitez, bestalde, oker zabiltzala.

Lokailu hau nonnahi ager dakiguke: perpausaren hasieran, tartean nahiz bukaeran. Eta juntagailuarekin batera erabiltzen denean, beti perpausaren hasieran. Adibidez:

Entzun ezazu arretaz, eta bertzalde gogoan har esandakoa.

  HALABER (OROBAT, BEREBAT)


Lokailu hau ere emendiozkoa dugu. Beraz, aurrekoak bezala, aurreko perpausan esandakoari zeozer gehiago gaineratzeko erabiltzen da. Berez gauza bera, gisa berean, modu berean, era berean edo antzeko zerbait esan nahi du. Horrezaz gain, sarritan ere partikularen ordez alda daiteke. Adibidez:

Tamalgarria da gaur egungo egoera; tamalgarria halaber etorkizuna.

Lokailu hau perpausaren hasieran ager daiteke. Eta baita bukaeran ere. Maiz aditzaren ondoren erabiltzen da. Adibidez:

Bete ezazu esana. Eta gogo har ezazu halaber zure jatorria.

Lokailu honen pareko dira berebat eta orobat. Adibidez:

Zazpi urte on horiek bukatutakoan, berebat zazpi ez-urteak ere hasi ziren.

Ez da orobat bat hiltzea edo hamar hiltzea.

  BEHINTZAT


Behintzat lokailua bederen, behinik behin, segurik edo bederik lokailuen baliokide da gehienetan. Aipatutakoari buruz muga antzeko zerozer jartzeko erabiltzen ditu hiztunak lokailu hauek. Hauekin bat dator gutxienez lokailua. Baina honen erabilera batez ere «zenbatasuna» adierazten duten sintagmetara mugatu ohi da. Adibidez:

Zuk behintzat jan duzu.

Urtean behin gutxienez komeni da.

Urtean behin gutxinekoz komeni da.

Lokailu horien distribuzioa dela eta, euskalkiak hartu behar dira kontutan. 

Bestalde, ekintzaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna nolabaitere adierazteko, lokailu honen ondoan bai eta ez partikulak agertzen dira maiz. Adibidez:

Etorri al dira ordezkariak? Udaletakoak behintzat bai.
Etorri al dira ordezkariak? Oraingoz behintzat ez.

Behintzat-en zenbait erabilera:

Harridurazko zenbait perpausetan (honelakoetan ez da segurik edo bederen-en pareko). Adibidez:

    Bai noski, bai horixe, bai eiki... eta beste zenbaiten ordez.
Perpausaren hasieran: hasteko edo lehenbizikorik edo esan nahi du. Behin bederen edo behinik behin parekoak dira.

Normalean behintzat tartean agertzen dela esan daiteke. Adibidez
    Ikusi behintzat, ikusi zuen. Ezagutu, ordea, ez.

Desioa adierazteko. Adibidez
    Etorriko ahal da behintzat. / Etorriko ahal da behinik behin. / Etorriko ahal da baldin bait ere.

Hala ere, gainera, sikiera eta hauen parean, behintzat-ek perpausari harridura kutsua eman diezaioke. Adibidez:

Zein aukeratuko, eta kanpotarra. Aberatsa izan balitz behintzat. (hala ere, sikiera).
gora

  BEDEREN, BEDERIK, BEHINIK BEHIN


Behintzat lokailuen pareko dira bederen (bedere), bederik eta behinik behin.

Baina, bederen-ek badu beste lokailuekiko alderik: kontzesio kutsua.

Adibidez:
Kasu honetan lokailu honek «balantzaka bada ere» esan nahi du. «Bada + ere» itzulitik omen dator badere lokailua.